Euskaraz erran ohi da “hamaika ikustekoak jaioak” garela. Guk, ezin du bertze modu batera izan, “hamaika entzuteko jaioak” ote garen galdetzen diogu geure buruari. 2009ko urteurrenaren bukaeran gogorarazi ziguten bezala, hamaika, euskaraz behintzat, ez baita soilik hamarraren hurrena, baizik hamargarrenaren ondotik datozen guztien zenbakia.
ERTZ jaialdi edo bestaldi, edo musikaldi, akaso joaldi, edo hobe soinualdi… entzunaldi? dena delako honetarako hamaikaren definizio hau akaso gehiegixko izanen da, haundiegi, asmo haundiegikoa, ozenegia. Hasteko, hamaikagarren honetan hemendik aitzinerako ideia eta intentzio guziak batzea haundiegi doakigun atorra delako eta etorkizunari bere izaera kentzea ere izanen litzatekelako nolabait. Dena aurreidatzirik balego bezala. Eta bertzetik, gureak bezalako baldintzekin, eta hamar urtez hutsik egin gabe ere, zaila delako hamabigarrenik imajinatzea.
Beharbada horregatik ekitaldi hau antolatzen dugunontzat, urte bakoitza, zenbaki bakoitza, aldi berri bat da, edo nahi bada, hamaika berri bat aldioro. Aurten Bera, Donostia eta Hazparne arteko elkarlanean, baina bertze urtetan Tolosan edo Azkoitian ere, hamaika lan ematen baitugu han eta hemen.
Eta beharbada horregatik ere, zilegi zaigu erratea, harrotasun punttu batekin gainera, aurten ere hamaika soinu, ahots, belarri, musika, irudi, egoera, artista, ideia eta oihartzun gonbidatu ditugula gurera. Eskerrik asko beraz hamaika horren makiltxo bakoitza zutik mantendu eta zenbaki ale bakoitza biltzea posible egiten duzuen guzioi.

Ongi etorri ERTZ Bertze musiken jaialdiaren 11. ediziora.